Berriak
Bio/PrentsaDiskografiaTour
mp3/bideoArgazkiakKontaktua

 

Joseba kitarra
Mikel baxua
Fernando ahotsa
Galder bateria


Kuraia "
Piztu da Piztia"
Promo orria.

Kuraia hirugarrenez piztu zaigu, kontuz gero!
Gure inguruko hizkuntzetan denek ulertzen dituzten bi hitz dira-eta:
Piztia, la bestia, la bête, the beast...
Kuraia, coraje, courage... Baita inglesez ere: oso courageous ditugu Kuraia taldeko kideak!

Piztu da Piztia; guganantz dator inoiz baino zuzenago; denari aurre eginez.
Intro bat eta sei kantu hogei minutuan.

0 Intro: Mezua eta Erokeria: Metal harroa eta punk gotikoa, lagunok. Biak nahastuta oso altzairu berezia ateratzen da. Altzairu erdoilgaitza, noski (etxean ez egin, arriskutsua gerta dakizueke).

1 Piztu da Piztia: Pizti gotiko japoniarra (euskal Godzilla) Donostian ageri da orain (ikus azala). Ur-eremu abisal ilunetik irten egin du piztiak lur-azal eguzkitsura. Zuzen eta erasokor jokatuko du, noski.

2 Gizon Sikodelikoa: metal lantegi honetan badago sikodelia ere. Sikodelia gordin eta lehorra (raw). Nahita dago haizkora gaizki zorroztuta hemen. Zauria are sendagaitzago suerta dadin.

3 Zabortegiak: Sistemak niretzat prestatu didan guztia, ai ene (pozoia sendatzeko, gezur bat sinesteko, polizia jipoitzeko, bidaia bat ez itzultzeko). Kantaria ispiluaren aurrean ari da orain. Lumatxoren bat atera ohi zaio pizti honi inoiz: luma sado-maso ederra, badakizue.

4 Birakari: Kaos Oteizianoa, giro gotiko ilun eta azkar baten barruan. Kantuaren erdian, ordea, hegan igoko gara hondamendiaren gainetik. Europa euriaren ostean. Blade Runnerren azken eszena.

5 Zebra (RNRHJBD): Rock´n´roll musikaren kondena! Himnoa da... Zertaz liberatzen gaitu kondenatzen gaituenean? Kondenatzen gaituelako liberatzen ote gaitu? Rock´n´roll Damnation!

6 Leherketa: Beti ere trumoiaren barruan gaude... Baina bapatean zera argitu digu tximistak: Piztia apurkorra ote da? Kantaera biluztuari esker, zera antzeman diogu: maitasun gosez dagoela. Adikzioak, gogoak eta ametsak.

Fermin Etxegoien (kazetaria)




Kuraia "
Iluntasunari Barre"
Promo orria.

Urria, urrea
Duela bi urte, talde honen berri izan nuenean, zenbait gauzek harritu ninduten.
Lehendabiziko ezustekoa izena bera izan zen: Kuraia. Sekula mingainean ibili gabekoekin gertatzen den bezala, hitzak jokoz kanpo harrapatu ninduen. Eta jolasean hasita ˆNabokoven ohitura nire eginez-, konturatu nintzen Kuraia ere hortzen atzealdean hiltzen dela, ahosabaiaren azpian mihiari mugimendu azkarra eginarazi ondoren.
Gerora, aho barruko esperimentuak alde batera, konturatu naiz izen horrek ezinhobe islatzen duela taldearen izpiritua. Indarra, adorea, haserrea. Horra kuraia hitzaren zenbait sinonimo; horra, hiztegietatik voltioetara, lehen diskoko abesti bikainen ezaugarri nagusiak. Bere garaian, gurean aspaldi entzundako abesti onenetakoak iruditu zitzaizkidan. Abesti onak: bizkarrean behera elektrizitatea injektatzeko gai diren horietakoak Genero urria. Urrea.
Bada, injekzioak hobera egin du. Urre asko dago hemen. “Iluntasunari barre” disko bikaina da. Aurrekoa baino hobea.
Osotasunean ez ezik, banaka ere askoz helduagoa da. Taldekide bakoitzak bere lekua hartu izanak, lehen diskoan artean lehertu gabeko potentzialitatea gori-gori azaleratu du. Eta ñabardura ekarri du horrek: xehetasuna, musika konponketa partikularrak.
Esaterako, Joseba gitarrajolea bidezidor berrietan arriskatzen da. Bai bigarren mailan -gordeta bezala-, entzuten diren konponketa itxuraz sinpleetan, baita abestiak hobetzen dituzten riff agerikoetan ere. Adibideak? “Luze eta iluna” abestia markatzen duen gitarra-jolas transferiezin hori, soilik ikuskera oso pertsonal batek sor lezakeena. Edota, “Fereka”, “Ehiza” eta “Bi aurpegi” abestietako hatz-ibiltze pentatonikoago horiek; klasikoagoak, funtsean. Eta bakan batzuk aitatu ditut... arraioa!
Eta zer esango dizuet Fernando abeslariaz? Bada, melodia horiek atera egin behar zaizkiola bati! (urria), eta ahots hori gutxiren pribilegioa dela! (urrea). Udaberri azidoan gorputzaren sakanak gurutzatzen, bizirik gaudela oihukatu baina tunelaren aldeez galdezka... plazerra sentitu erraietan, adixkide! Hor dituzu kontzertuetan zure eztarriz lagunduko nahiko dituzun ahots-lehergailuak!
Baina hori guztia hutsa litzateke oinarri erritmiko indartsurik gabe. Izan ere, leloak garbi dio: “the drum is the most important instrument”. Eta baxua, noski. Talde baten motorra binomio horretan baitago beti; hori ez badabil, akabo. Eta motor hori are beharrezkoagoa delako Kuraia zigiludun kantuetan, melodiek ia beti grabeetara garamatzanean, edo haietan etengabeko sartu-irtenean ibilarazten gaituztenean. Ez dute hutsik egiten Galder bateriajoleak eta Mikel Anestesia baxujoleak. Ez horixe. Taldea bizkargainean eramate soiletik urrun, nork berea ukitua gehitu die kantuei.
Ederra diskoa.


Alberto Irazu (kazetaria)



Aurkezpena
Kuraia ez da ohiko talde bat, printzipioz Fernando (El Corazon del Sapo) eta bion (Joseba) artean egindako kolaborazio baten emaitza da. Dena nire etxean daukadan 8-pista batean grabatutako abesti batzuekin hasi zen. Fernandorekin dudan harreman ona dela eta abesti horiei ahotsa jarri nahi ote zion galdetu eta honek baietz esan zuen, euskaraz egitea gustatuko litzaiokeela gaineratuz. Fernandok abestiak entzun eta gero Hondarribiara etortzen zen nik lehendik pasatuak nizkion kantuetan lan egiteko. Hurrengo pausua kantu horiei hitza jartzea zen, hitzak bai nik eta Fernandoren artean egin ditugu, bai eta Fernandok aldez aurretik idatzirik zeukan hitzen bat itzuli ere.
Guztira 9 kantu euskaraz. Beste abesti bat gazteleraz dago egina eta beste bat Aragoieraz. Hitzak egin ondoren Fernandok behin eta berriz abesten zituen kantuak, bere belarria euskarara ohitzeko gehienbat. Horrela apurka-apurka proiektuak forma hartzen joan eta 11 abestiz osatutako maketa bat grabatu genuen. Honen ondoren kantu hauek jotzeko eta grabatzeko pertsonak aurkitzera jo genuen. Galder Izagirre (Dut), Mikel Kazalis (Anestesia) eta hirurok hitz egina genuen noizbait lokalean elkartu behar ginela "soinu" pixka bat egiteko, Mikelek baxua jotzeko gogoa zuela eta nik ere gitarrarekin aritu nahi nuelako....zergatik ez didazue laguntzen abesti hauek grabatzen? Hauen baiezkoa instantean jaso eta ondoren Mikelek Zarautzen duen lokalean, "Fidelenean", hasi ginen elkartzen saioak egiteko. Gerora, diskoa grabatu genuen toki berean. Grabaketa urrian egin genuen, Duten "Askatu Korapiloa" diskoaren grabazio lanak zuzendu zituen Karlos Osinagarekin batera. Grabaketa, denboran nahikoa tartekatua eta lan ordutegietara moldatua izan zen, ez gu nahi bezain intentsiboa. Fideleneako lana burutu ostean Andoainen dagoen Garate Studiosen 5 egunez nahastera jo genuen, Haritz Harreguyren zuzendaritzapean. Eta guzti honen emaitza esku artean duzuen disko hau da.
Ah, bai! Azalean sua botatzen ageri dena Fernando dugu Galderrek abuztuko gau epel eta izartu batean egindako argazki batean. Bueno bukatzeko, Iparraldean esan ohi duten
bezala...Kuraia On!

Promo Orria (Kuraia: Kuraia)
Zer esango zenuke Dut-eko Joseba eta Galderrek, Mikel Anestesiak eta Corazón del Sapo-ko Fernandok disko bat grabatu dutela esango banizu? Eta Fernandok euskaraz abesten duela esanez gero? Taldeak Kuraia izena du eta ekialdetik etorri izanaren traza guztia badu ere, Euskal Herriko iparraldean erabiltzen den esamolde bat da, courage-tik datorrena, ausardia hain zuzen ere. Kuraia ziurrenik badute, baina entzuleen ustezko aurreiritziei ere muzin egin diete Kuraia-koek abestiak egiterakoan. Nabarmendu beharra dago Kuraia ez dela ohiko talde bat. Joseba Poncek, Dut-eko baxulariak, Dut-en atsedenaldi bat aprobetxatuz eta erritmo kaxa batetaz baliatuz, kantak egiten bere barrenak hustu eta laguna duen Fernandorekin (El Corazon del Sapo) abestiak moldatu zituzten. Gerora, musika eta hitzak prest zituztela diskoa grabatzeko aukera suertatu eta laguntzaile gehiagoren bila jo zuten; hain zuzen ere, Anestesiako Mikel eta Dut-eko Galderrengana. Esku artean duzu prestatu duten lana, eta berau aurkezteko zenbait kontzertu emango dituzten arren, ez omen da talde finko bilakatuko. Egia esan, Helmet, SNFU, Poison Idea edota NoMeansNoren doinuetatik urruntxo daude. Punk rock- etik gertuago ikusten ditut nik zentzu zabalean. Horretaz gain, iraganak asko markatzen duela esan ohi da, eta badirudi heavyak ere arrasto nabaria utzi duela proiektu honen sortzaileetan. Bestalde, Kuraiako partaideek duten ibilbide eta jakitura musikala kontutan hartuta, abestiek beste estilo askotako eraginak dituzte, hardcorea tartean. Funtsean, erritmo gogorreko eta gitarra aberatsez jantzitako abesti gogor baina oso melodikoak, detailez zein –abarduraz jositakoak. Nabarmendu behar da baita, Haritz Harreguyk ekoizle lan ederra egin duela soinu borobila atera baitie kantuei.

Iker Barandiaran

Euskaldunon Egunkaria (2001/11/23)
musika. "Rockaren aldaera ugari nahasten dituen lana" grabatu dute Galder Izagirre eta Mikel Anestesiarekin

Punk-rocka, Kuraiaz

Joseba Dut eta Fernando El Corazón del Saporen talde berriak lehen diskoa kaleratu du

Jon Eskisabel/donostia

Sutan dauden gitarra zorrotzak, punk eta hard-rock erritmo klasiko baina sasoikoak, eta aragoar batek euskaraz abesturiko hitzak eskaintzen ditu Kuraiak, Joseba Ponce Dut taldeko baxu joleak eta Fernando Zaragozako El Corazón del Sapoko abeslariak sortu duten talde berriak. Hasieran bien arteko kolaborazio bat izan behar zuenak talde sendo baten itxura hartu du Galder Izagirre Duteko bateria jolearen eta Mikel Anestesiaren gehitzearekin, eta lauron artean taxutu dute Kuraiaren lehen diskoa, atzotik dendetan aurkitu daitekeena.

Josebak etxean egindako kantuak izan dira Kuraiaren hazia. Kantu haiek Duten estilora egokitzen ez zirela ohartuta, Fernandori eskaini zizkion abestu zitzan. Garai hartan El Corazón del Sapok gelditzea erabaki zuen, eta Fernandok baiezkoa eman zion. "Gogoa nuen hardcoretik atera eta ideia eta soinu berriekin lan egitea". Are gehiago, bere burua eskaini zuen euskaraz abesteko. "Euskarak kikildu beharrean, pizgarri bat izan da niretzat. El Corazon del Saporekin askotan izan gara Euskal Herrian, eta ezagutzen nuen pixkat. Hitz batzuk ahoskatzeko orduan arazo txiki batzuk izan ditut, baina bestela nahiko azkar grabatu ditugu kantuak". Hamaika kantuetatik bederatzi euskaraz dira, bat gaztelaniaz eta bat aragoieraz.

Ni ere diskoa zabaltzen duen kantuaren gitarra entzun orduko antzematen da nora jotzen du Kuraiak: punk-rock eta hard rock aldera. Nazioartean loraldia bizi duen soinua da, The Hellacopters, Gluecifer eta Eskandinaviako beste zenbait talderen bidez, eta Euskal Herrian ere ordezkari ugari ditu aspalditik: Buenavistako taldeak (NCC, Señor No...), Los Clavos, Safety Pins, hasiera-hasieran Pop Crash Colapso...

Josebak azaldu duenez, "ez genuen ezer berririk egitea bilatzen, eta hain zuzen ez dugu ezer asmatu. Nahiko kantu bat-batekoak eta oinarrizkoak dira. Dutekin agian gauza berriagoak bilatzen ditugu, geure burua harritzeko asmoa dago, baina Kuraiaren musika estandarra da. Alegia, Dut, Anestesia edota El Corazón del Saporena baino zabalagoa den publiko batentzat egina dago. Oinarrian punk-rocka dago, baina rockaren aldaera asko daude nahastuta: new wave ukituak ditu, hardcore ukituak, heavy ukituak, killer ukituak, garagea..."

Gara (Aurkezpena 2001/11/23)
Anestesia, El Corazon del Sapo eta Duteko musikariek Kuraia sortu dute
Punk rock zabal gisa definitzen duten diskoa kaleratu dute Metaken eskutik


El Corazon del Sapoko abeslaria den Fernandok eta Dut taldean gitarra jo eta abesteaz arduratzen den Joseba Ponceren artean sorturiko egitasmoa da Kuraia. Zaragozar eta hondarribitar hauen ideiak, ordea, lagun berriak bilatu ditu, Mikel Kazalis eta Galder Izagirre, hain justu ere. Laukote honek punk rock zabal gisa definitzen dituzten hamaika abestiz osatutako diskoa kaleratu du Metaken eskutik.
Igor MUJIKA | DONOSTIA

Joseba Poncek etxean sorturiko hainbat abesti Dutekin batera jotzeko egokiak ez zirela ikusi eta etxean duen 8-pista batean grabatu zituen. Izan ere, Josebaren arabera, «abesti basikoagoak ziren, akorde xumeagoak eta oso zuzenak» baitzituzten.
Ondoren, Zaragozako El Corazon del Sapo taldeko abeslari den Fernandori kantu horiek abestu nahi al zituen galdetu eta honek baiezkoa eman zion, «eta, gainera, euskaraz», erantzun zion. Horrenbestez, Kuraia izeneko taldea sortu zuten.
Joseba eta Fernandoren arteko harremana, ordea, ez zen egun batetik bestera sortu, Dutek eta El Corazon del Sapok elkarrekin kontzertu ugari eskaini baitituzte. Bestalde, hondarribitarrek zaragozarren azken diskoan ; "La casa magnética" izenekoan. kantu bat abestu zuten eta Fernandok, berriz, Duten "Askatu korapiloa" diskoko abesti batean kantatu zuen.
Punk rock estiloko egitasmo honek lagun berriak behar zituela eta, Anestesiako Mikel eta Duteko Galder hartu dituzte taldekide, eta lehena baxuaz eta bigarrena bateriaz arduratuko dira.
Laukote honek duela urtebete inguru hasiriko ibilbideak eman du fruiturik, eta orain, Metak disketxearen eskutik, hamaika abestiz osatutako CDa kaleratu dute. Mikelek Zarautzen duen Fidelenean izeneko estudioan grabatu zuten diskoa, urrian. Nahasketak, berriz, Andoaingo Garate estudioan egin dituzte, Haritz Harregiren begiradapean.
Kuraiako musikarien iritziz, «punk rock eta hard rockaren kantu klasikoa» den "Ni ere" abestiak ematen dio hasiera diskoari. Bigarren kantua, berriz, "Bize gera" izenekoa, talde honek sorturiko lehena da, Kuraiako partaideen esanetan, «kantu rockeroa eta iluna, zuzenean lurra mugiarazi dezakeen horietakoa». Abesti hauei beste bederatzik ematen diete jarraipena, tartean, euskara eta aragoiera nahasten dituen "Güello gorria" eta gaztelaniaz abestutako bakarra den "Infierno" entzun daitezke.
Fernandok aipatu duenez, euskara eta aragoiera nahasteko gogoa zuen, inoiz ez baita egin. «Nola geratzen den ikusteko». Kantu hauen guztien artean, hardcore, rock''n''roll, pop, punk eta beste hainbat estilotako doinuak entzun daitezke.
Hitzei dagokienez, txiki eta handien arteko lehia, marketinga, askatasuna eta mundu honekiko ikuspuntua ditu hizpide, besteak beste, Fernandok.
Kuraiako partaideek aitortu dutenez, zailtasunak dituzte euren artean elkartzeko, «bakoitza punta batean bizi baikara». Egoera honek zuzeneko emanaldiak eskaintzeko zailtasunak sortarazten dizkie, eta ondorioz, antolatzen hasi beharrean daudela azaldu dute, jada kontzertuetarako dei egin baitiete. Hala ere, egoera hau «negu amaierarako edo udaberri hasierarako konponduko dugula uste dugu, kaña ematen hasteko», Joseba beraren hitzetan.
Izan ere, taldeko gitarra-jotzailearen esanetan, Euskal Herriko herrialde guztietan, Katalunian eta Zaragozan behintzat, eskaintzekotan dira kontzertuak. Josebaren ustetan, «elektrikoak» izango diren zuzeneko emanaldiak.

Gaztetxulo (Elkarrizketa 2002/01/08)
Kuraia… eta dohaia

DUT taldeko Joseba eta El Corazon del Sapo-ko Fernandoren elkarlanak aspaldi honetako diskorik onenetakoa ekarri du: Kuraia-ren lehendabizikoa. Hona hemen Josebarekin izandako elkarrizketatxoa.

Nola sortu zen Kuraia?
Etxean dudan 8-pista batean, gitarra jotzen, DUTentzat egokiak ikusten ez nituen riffekin kantuak sortu nituen. Konturatzerako dozena erdi bat abesti nituen, eta garai hartan Fernandorekin maiz izaten nintzenez, ea abestu nahi zituen galdetu nion. Berak baietz erantzun zidan, eta gainera euskaraz egin nahi zuela. Horrela, nik maketa bat eman, berak melodiak atera, elkarrekin geratu, letrak egin... Horrela ia urtebete, diskoa egin arte.

Fernando zaragozarra euskaraz abesten eta Kuraia euskaldunak aragoieraz. Hizkuntza txikion arteko zubia eraiki nahi izan al duzue?

Fernandori ilusioa egiten zion euskaraz abesteak; berak ez daki euskaraz, baina urteotan sarri etorri da Euskal Herrira eta zerbait ikasi du. Interes handia izan du euskara ikasteko, eta berarentzat euskaraz abestea nota altuaz gainditu duen erronka izan da. Hizkuntza txikiek badute lekua eguneroko bizitzan eta hainbat arlotan, horien artean musikan. Rock&rollaren hizkuntza ez du zertan ingelesa izan, kendu ditzala jendeak musikan hizkuntzekiko aurreiritziak.

Zein iturritatik edan dute DUTetik urrun samar dauden kantuok?
Betidanik musika estilo asko entzun ditut: rocka, hard rocka, punk rocka, hardcorea, heavya, garajea... Ondorioz, horiek guztiak subkostzientean dabiltza bueltaka eta kantuak egiterakoan nonbait azaldu dira. Kantuen konposaketa oso bapatekoa izan da, inpultsiboa, kantuei buelta gehiegi eman gabe. Kuraiaren lehen abestia duela urte pasatxo grabatu nuen eta hortik aurrera kantu guztiak atzetik etorri dira, nahita baino, nahigabe. Ez naiz gogoratzen nola, zein unetan egin dudan abesti bakoitza. Gauza bitxia da normalean abestiei mila buelta ematen baitizkiet…

Zer dute kantuok DUT eta El Corazon del Sapotik?
Gutxi, nire ustez. DUTekoak baino simpleagoak eta errazagoak dira, agian akorde bitxi batzuetan bat egin arren. Bestalde, hor dago Fernandoren ahotsa eta tinbrea, baina Kuraian eta Corazon-en ezberdin abesten du Fernandok, gurean erregistro berriak frogatzen aritu da.

Zertan dira DUT eta El Corazon del Sapo?

DUTi dagokionez, berriro elkarrekin gauzak egiteko gogoa dugunean bueltatuko gara, ez dugu taldea alferrik erre nahi, eta horregatik gaude geldirik. Gauzak gustura egiteko guztion inplikazioa behar da eta momentu hori iritsiko zaigu. Bestalde, Corazonekoek azken kontzertua duela urtebete eman zuten eta printzipioz ez dute bueltatzeko asmorik.